XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

19.3.5. EKINTZA-POTENTZIALAREN HEDAPENA

Orain artean mintzaren zati batean gertatzen den despolarizazioz ihardun dugu.

Hala ere, mintzaren zati batean gertatzen den despolarizazioak alboan diren mintz-zatiak despolarizarazi egiten dituela kontutan hartu behar da.

19.12. irudian ikus dezakegunez, mintzaren zati batean despolarizazioa gertatzen bada, barnera abiatu diren sodio-ioiak zelularen barnean milimetro gutxi batzuetara barreiatuko dira.

Barreiadura hori atari-aktibaziora heltzeko adinakoa izango da mintzaren alboko zati horretan.

Honen ondoren, alboan dauden mintz-zatiak despolarizazio-aldian sartuko dira, sodio-erretenak irekiz.

Horretara, despolarizazioa mintzean zehar garraiatuko da.

Mintzean zehar gertatzen den despolarizazio-garraio horri nerbio- edo muskulu-kinada deitzen diogu.

Argi dago hedapenaren norantza mintzaren bi aldeetarakoa izango dela.

Gainera, despolarizazioa behin hasiz gero, egoera onean dagoen mintz osoan zehar garraiatua izango dela ere bistan da.

Hala ere, mintzean zati desegoki bat topatzen badu, despolarizazioa puntu horretan geldituko da.

19.12. irudia. Zuntz eroale batean zehar ekintza-potentzialak duen bi norantzako hedapena.

19.3.6. SODIO- ETA POTASIO-GRADIENTEEN BERRESKURAPENA EKINTZA-POTENTZIALA GERTATU ONDOREN

Ohizko egoerara itzultzea sodio-potasio ponparen bidez lortzen da.

Irudian ikus dezakegunez, kinadak bideratzen dituenean, nerbio-zuntzaren bero-ekoizpena handitu egiten da, sodio-potasio ponpak ATP erabiltzen baitu sodio- eta potasio-ioiak bere lekuetara itzultzeko.

Sodio-potasio ponpak duen beste ezaugarri garrantzitsu bat honako hau da: zelularen barnealdean sodio-ioien kontzentrazioa igotzen denean, sodio-potasio ponparen iharduera ere nabarmen igotzen da.

Adibidez, sodioa 10-20 meq/l igotzen bada, zelularen barnean ponparen iharduera ez da bikoiztuko, zortzi aldiz handitu baizik.

Hala ere, prozesu honek ere badu bere muga.

19.3.7. ZENBAIT EKINTZA-POTENTZIALEN GOI-LAUTADA

Zenbait kasutan mintza ez da hain bizkor birpolarizatzen.

Milisegundo batzuen tartean despolarizazioak jarraitzen du. Goi-lautada deituko diogu egoera horri.

Kontura gaitezke goi-lautada horrek despolarizazioa asko luzatzen duela.

Despolarizazio-mota hau bihotzeko zelula muskularretan gertatzen da.

Goi-lautada horiek 2 edo 3 segundo-hamarren irauten dute.

Uzkurketa muskularra gertatuko da denbora horretan guztian.

Goi lautada hori sortzeko arrazoiak bi dira: lehenengoa, sodio-erreten bizkorrak eta kaltzio-erreten geldoak izatea despolarizazio honetan parte hartzen dutenak.

Lehenengoek despolarizazioan gertatzen den bat-bateko igoera hori eragingo dute, bigarrenak, aldiz, goi-lautada sortzea ekarriko du.

Bigarren arrazoia, potasio-erretenek itxita luze irautea eta zenbait kasutan goi-lautadaren bukaeraraino ez irekitzea.